Isiltasunaren hotsa (BERRIA, 1-07-04)

   Margaret Bullen antropologoa, 'Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia' liburuaren egilekidea

   Hello darkness, my old friend, I've come to talk with you again". Horrela hasten da Simon eta Garfunkelen kanta ezin ezagunagoa, eta horrela hasi nahi dut gogoeta hau, Alardeko Diana eta ekainaren 30a bereizten dituen ilunpean egina.

   "Because a vision softly creeping, left its seeds while I was sleeping, and the vision that was planted in my brain, still remains, within the sound of silence". Isiltasunaren hotsa, isiltasunaren esanahia dut buruan jiraka. Isiltasuna, normalean, ez da lotzen Alardeekin, martxa bandaren, danborradaren, txilibitoen eta danborren musikak lagundurik egiten baita, parte-hartzaileen eta ikusleen pozgarri. Isiltasuna desfile edo segizioaren zati jakin batzuei dagokie, Alardea bera egin aurreko ekitaldi batzuei, hala nola Alboradari orain dela bi ordu eskas egin dute. Baina badago festa guztian zabalduriko isiltasun modu bat: orain dela zortzi urte emakumeen parte-hartzea dela eta ez dela sorturiko liskarraren inguruko isiltasuna. "In restless dreams I walk alone, narrow streets of cobblestone". Danbor hotsa hasia da Irunen kalean, eta hots horren azpian den isiltasunaren bila noa. Isiltasun hori galdu egiten da milaka soldaduren builaren artean, hirian joan-etorrian dabiltzala. Baina isiltasun horrek blaitua da festa. Izan ere, azken urteotan, ez ikusiarena egiten diote "beste Alardeari", emakumeak agertzen direlako baztertu nahi duten Alardeari.Aurreneko urteetan eztabaida bortitz gogorrak izan eta gero, isiltasunak hartua du liskarra. Ezin zen gaiari buruz hitz egin haserretu, harropuztu, lagunak galtzeko beldurrik gabe; beraz, uko egin diote hitz egiteari. Gaia tabu bihurtua da: ez da ukitu ere egiten, zauriak ez irekitzeagatik, baina zauriak sendatu gabe daude.Orain dela gutxi, liskarrari buruzko ikerlan bat argitaratu dute, Tristes espectáculos izenekoa, eta horrek ere agerian utzi du isildu egiten dutela gatazka. Ez komunikabideek, baizik eta ikerlanaren kontrakoek, ez baitute nahi ez hitz egin eta ez eztabaidatu lan horretaz. Nik dakidala, sektore tradizionalistak ez du ez aipatu eta ez kritikatu, eta kalean jende, senide eta lagun askok nahiago izan dute ez ikusiarena egin, ezerosoa delako, istilurik izan nahi ez dutelako, garrantzirik eman nahi ez diotelako eta iritzien aniztasunaren errespetua delakoaren izenean.Gauzak isiltzea oso taktika ohikoa da herriaren eta gutxiengoen borroken historian, batez ere gizonen eta emakumeen berdintasun osoa lortzeko borrokaren historian. Mingarriegia delako zerbaiti buruz hitz egiten ez bada, inguruan sortzen den isiltasunak arazorik ez dagoelako itxurakeria sortzen du, baina, egiaz, arazoa gaiztotu besterik ez da egiten.

   Baina taktika sendoa da, eta Mertxe Tranchek ohartarazi du aipagai dugun gatazkan erabiltzen ari direla. Ezkutatu eta deuseztatu egin nahi dute gizonen parean Alardean parte hartu nahi duten emakumeen historia laburra. Isiltasun hori gainditzeko, Tranchek bideo bat egin du, historia hori eta bertako protagonistak argitara emateko.Orain dela aste batzuk aurkeztu zuten, eta gatazka hori isildu nahia eta emakumeen literaturaren bilakaera konparatu zituen zuzendariak. Emakumeen literaturan ere gogor egiteko moduak bilatu behar izan zituzten: esaterako, gizon izena asmatu eta erabiltzea, idatziak argitaratu ahal izateko.

   Adibide ugari zeuden Irunen historiatik polemika honen arrasto guztiak kendu nahi izan dituztela erakusteko; deigarria da, esaterako, Udalak ez duela ezertarako aipatu Alarde mistoa Ficobako erakusketan erakustazoka inauguratu berria, nahiz eta prestatu zutenek kontuan hartu zuten.

  Paul Simonek, bere kanta idatzi zuenean, gogoan hemengo politikariak izan zituela ematen du: "People talking without speaking, people hearing without listening". Hauteskundeetarako hitzaldian, alkateak esan zuen premiazkoa dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako traba guztiak astintzea, Baina Alarde Tradizionala gero eta sendotzenago ari da: publikoak diren ordutegi, eskubide eta pribilegioak bereganatzen ari da. Horiek guztiak ezin zaizkio eman talde pribatu bati, eta are gutxiago, berdintasunaren legea hausten duen talde pribatu bati. Udal erakundeek babesturik, Alarde Tradizionalak gero eta gehiago zaintzen du bere presentzia eta alderdi militarra; gero eta uniformeagoa da, gero eta erregimentu itxura handiagokoa, gero eta aldatzearen kontrakoagoa.

   Bart, San Martzial bezperan, zuzien desfilean izaten den isiltasuna hitzetik hortzera mintzatu zen emakumeek Alardean duten parte-hartzeari buruz. Desfile hori sektore tradizionalistek sortu zuten, duela urte batzuk, emakumeek Alardean parte hartzeko eskaerari erantzuteko, eta emakumeek protagonismoa izan zuten historia zati bat gogoratzen du. Hala ere, beste modu bat da Alarde mistoaren planteamendu garrantzitsuena kontuan ez hartzeko: emakumeek gizonen parean parte hartu behar dutela. Eta festaren erdi-erdian, ez bazter batean. Egun argiz, ez ilunpean. Eta festako builarekin, ez isilpean.Kantak dio itxurazko lasaitasuna eta isiltasuna astintzen inor ausartzen ez bada minbizia zabalduko dela. Konponbidea aurkitzeko, isiltasuna baztertu eta hitz egin behar da, baina ez hasierako urteetan bezala barrenak agindu bezala eztabaidatu, baizik eta arrazoimena erabiliz. Elkarrekin hitz egin, eztabaidatu eta negoziatzeko modua aurkitu beharra dago. Isiltasunak ez baitakar konponbiderik.
Erredakzioan itzulia