Ekitaldiak 2014
Dokumentala: "Qalbi"
2014.eko urtarrilaren 23a, 19:00etan
Qalbi
Antzine Biain Zisjordaniara joan zen 2009ko abenduan. ‘Qalbi’ izenburuko dokumentalean, bere esperientzia pertsonala jaso du, palestinar herriaren alderik gizakoiena ezagutzeko gida gisa balio duena. Errefuxiatuen eremuetako egoera, check-points direlakoak... egilearen ustez "hunkitzen zaituen halako duintasunez erresistitzen" duen herri baten errealitatea.
“Denok ezagutzen dugu palestinar herrialdeari ezartzen zaion indarkeria esplizitua, baina ez dugu hainbeste ezagutzen eguneroko bizimodua zailtzen dien indarkeria inplizitua”. Antzine Biain ‘Qalbi’ dokumentalaren egileak erabilitako esaldietako bat da, eta gaineratu du “bizi duten egoera lazgarria gorabehera, duintasun, alaitasun eta maitasun handiz bizi direla”.
Biainen adierazpenek ondo definitzen dute 20 minutu paseak irauten duen dokumental honetan aurkituko duguna. 2009an, Israelen sarraskia Gazako biztanleriaren aurka gertatu eta urte bat geroago, egileak egin zuen bidaia da. Estatu sionistak ‘berun burdinurtua” bezala definitu zuen erasoa.
Dokumental horretan, Biainek bere ikuspegi pertsonal eta gizakoia jasotzen du Zisjordanian bizi den jendearen errealitateari buruz. Jerusalemen, ‘hiri santuko’ egoiliar batek bertan bizi diren palestinarren eguneroko zailtasunen berri ematen du. Zailtasun horien adibide ona da Hebron, bitan banatua dagoen hiria, check-points horiez inguratua. Bertan, herritarrek oso baldintza gogorretan erresistitzen dute.
‘Qalbi’ dokumentalak, Palestinako Aginte Nazionalak betetzen duen papera ere jasotzen du, eta herritar batek haren geletan jasan zituen torturak kontatzen ditu. Biainek errefuxiatuen esparru batzuetara eramaten gaitu; Jerikokora eta Shufat-ekora. Etxeak eraikitzeko zer zailtasun izaten dituzten kontatzen du, berehala eraisten baititu ejerzito israeldarrak, familien desegituraketa… Gizarte "ezkutatua eta abandonatua” da, egilearen iritziz.
“Elkartasuna, eskuzabaltasuna, alaitasuna eta erreibindikazioa”
Baina, era berean, jendearen alde atsegina azpimarratzen du dokumentalak, nola aurre egiten dioten muturreko egoera horri. Al-Quds ongintza-zentrora bisitaldia egin ondoren, jendeak antolatzeko duen gaitasuna kontatzen du. Dantza- eta musika-ikastaroak ere erakusten dizkigu, eta herri palestinarraren kultur maila azpimarratzen du.
‘Qalbi’ dokumentalak herri-protesta etengabeak ere jasotzen ditu: okupazioa arbuiatzeko protestak edo presoen eskubideak erreibindikatzekoak. Istorio horien benetako protagonisten aurpegiek ixten dute dokumental gizakoi, hurbil eta pertsonala.
Fitxa teknikoa: Zuzendaria: Antzine Biain; Produkzio-burua: Itziar Pildain; Argazkia eta soinua: Antzine Biain; Muntaketa: Pello Gutiérrez; Musika: Habib, Halit eta Ammar, Gilad Atzmon and the Orient House Ensemble; Ahotsak: Antzine Biain, Tamer Birawi, Amaia Corral; Ilustrazioak: Jordi Bermejo; Itzulpenak: Aitor Lizarazu eta Rebeca Wilkinson. Urretxuko Udalaren laguntza eta Zazpi t´erdi produkzio-etxearen laguntza jaso du.