Ekitaldiak 2016
Dokumentala:Juan Puerto, Calamonte-tik Arangoitira
2016.eko Abenduaren 15an, 19:00etan.
Juan Puerto, Calamonte-tik Arangoitira
Alternatibak antolatuta.
Alternatibako gure kidearen, Juan Puerto Morcilloren ibilbide militanteari buruzko dokumentala.
Erdimetraje honetan bere bizitzaren eta bere kontzientzia hartzearen inguruko laburpen bat egiten da eta horrekin batera, duela jada 8 urte antolakuntza berri batean sartzeko urratsa eman zuen jendeak eginiko bidea erakusten du, Euskal Herrian ezker soberanista indartzeko eta elkartzeko balioko zuen antolakuntzan, hain zuzen. Omenaldi bat da, baita ere, bai Juani egiten zaiona eta bai garai zailetan beren ideiengatik borroka egin zuten pertsona haiei guztiei egiten zaiena, gaurko nahiz etorkizuneko militante guztiek non begiratu ahal izateko ispilu baitira.
Juan Puerto,Calamonte-tik Arangoitira
1938ko uztailaren 29an Madrileko ABC egunkariaren azalean esaten zen Gerra Zibila deitutako hartatik bi urtetara etsaiak (bando nazionaleko altxatuak) ez zuela ezer irabazi Errepublika porrot egoeran jartzeko beste eta, beraz, ezerk ez zuela derrigortzen borroka uztera. Egun gutxi batzuk lehenago, gobernu errepublikarrak Ebroko erasoa gauzatu zuen.
Iparraldean hala ere, Gipuzkoako lurralde konkistatuko prentsak beste titular erabat desberdina eman zuen, alegia, altxatuak Extremadurako frentean aurrera "bikain" egiten ari zirela berri emanez.
Eta ostiral horretan bertan, faxismoa bere lurretan aurrera egiten ari zela jakin gabe, mundura jaio zen Méridan Juan Puerto Morcillo, etorkizuneko langilea eta ezkerreko militantea, hurbileko Calamonte herrian haziko zena. "Ganadua, sandia eta meloia lantzen deneko" herria, Julián Cano Tamés "El cantinero"-k errezitatzen duen bezala.
"Extremadurakoa naiz, Badajoz probintziakoa, ganaduarentzako ezkur-lurrak eta urdaiazpiko onak dituzten herriak dauzkana. Méridan jaio nintzen, Calamontek hezi ninduen, San Jose zaindaritzat daukan herri eder eta eskuzabal horrek."