Hitzaldia: Angula Ustelak

incineradora

2018.eko maiatzaren  24an, 19:30etan.

Angula Ustelak

ANGULA USTELAK elkartasun bira abian da Euskal Herri zabalean. 35 hitzalditik gora Euskal Erregimenari aurre egiteagatik (erraustegia geldituz!) Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurkako epaiketaren harira.

Gurekin Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Melchor izango dira.

Kasu benetan larria da Euskal Herri osoan jendea ohartarazi nahi dugu jokoan dagoenaz. Gaur egun inoiz baino indartsuago eta gupidagabeago agintean dagoen Euskal Erregimenaren politika nolakoa den oso errepresentatiboa da Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua. Irailean epaituko dituzte Gipuzkoar guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta Donostialdeko milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den erraustegia gelditzeagatik. Ondasun pertsonaletatik 100.000.000 [ehun milioi] euro eskatzen dizkiete. Erabat onartezina.

Gure irakurketa: Zer dago jokoan? Epaiketa mugarria

2018ko irailean izango dira epaituak 2013an erraustegia gelditu zutelako Ainhoa Intxaurrandieta (garai hartan GHKko lehendakaria) eta Iñaki Errazkin (garai hartan Ingurumen diputatua).

100 milioi eurotik gora eskatzen dizkie Euskal Erregimenak.

Auzi honek Gipuzkoa eta hondakinen gaia gainditzen ditu erabat. Ulertzen dugu beste edozein lurraldetan, beste edozein proiektu estrategiko gelditu izan balitz, berdin-berdin egingo lukeela erregimenak: betikoei negozioa ukitu dietenak zigortzen saiatu, modu pertsonalean eraso eginda.

Zein da, epaiketa honekin Euskal Erregimena bidaltzen ari zaigun mezua? Ezin dela erregimenaren eredua zalantzan jarri. Beste eredu bat nahi duten herritarrek hauteskundeak irabaztea lortzen badute ere, eta milaka milioiko zorra dakarten proiektuak alferrikakoak direla frogatzen badute ere, negozio horiek ezin dira ukitu. Bestela zureak egin du.

Epaiketa hau mugarria izango da, eta Intxaurrandieta eta Errazkin zigortzen badituzte, mugarri oso arriskutsua jarriko dutela ulertzen dugu. Aurrerantzean edozein proiektu gelditzen saiatuko denak, aurrekari honen itzal izugarria izango du gainean.

Euskal erregimenaren amarauna

Hitzaldi honetan ikusiko dugu, erraustegiaren kasuko gertakizun zehatzetan oinarrituta, Euskal Erregimenak nola funtzionatzen duen. Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu: Lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazioaren kasuak, bankuekin eginiko tratu absurdua, enpresen txostenak idatzi zituzten funtzionarioen kasua, beharrezkoa ez den gastu publikoa justifikatzeko gaindimentsionatutako datuak... Diru publikoa betikoen esku pribatuetara pasatzeko mafiaren jokamoldea da. Erabat onartezina demokrazia batean.

Hitzaldiaren helburuak

Herritarrak gertatzen ari denaren gainean informatzea da lehen helburua. Herriz herri gogoeta eta eztabaida egitea ere bai, erakunde publikoetan politika egiteko moduez, gaur egun bizi dugun egoeraz. Intxaurrandieta eta Errazkini herritarron babesa adieraztea ere helburua da, herritarron osasunaren eta diru publikoaren defentsan hartu zutelako erraustegia gelditzeko erabakia. Ez gaituzue beldurtuko. Guk ere egingo genuke. Herritarron interesak defendatzen dituztenak horrela zigortzen saiatzea ez dugu onartzen.

Gure ustez epaitu beharreko bakarrak, Euskal Erregimenaren ustelkeria eta mafia jokabidea dira. Eta iraileko epaiketarekin aurrera jarraitzen badute, epaiketa hori herritarron interes orokorren aurka ari diren politikariak kalean epaitzeko baliatzeko asmo osoa daukagu. Horregatik kartelean erabili dugun leloa: norbait epaitzekotan, epai ditzatela ustelak.

 

Cooperativa de activistas sociales, buena gente de la farándula y de las artes y nostálgic@s de un futuro mejor. Giza-ekintzaileen Kooperatiba, arteetako eta farandulako jende ona eta etorkizun hobeago baten minetan.
Kabigorri

©